ELEZAHARRAK

1.- SUGAAR

Elezaharrak kontatzen du Dimako bi gaztek Baltzolako haitzuloan ikusi zutela Sugaar. Gazteenak, harrikada batez, buztana moztu omen zion sugetzarrari; nagusiak, aldiz, anaiaren jokabidea desegokitzat jo zuen. Handik urte mordoska batera, anaia nagusiari, bere herritik urrun zebilela, herrimina sartu omen zitzaion, eta, instante batean, Baltzolako leizera eraman omen zuen gizaseme misteriotsu batek. Eta agurtzerakoan, urrez gainezka zegoen kutxa bat oparitu zion, eta anaia gaztearentzat, gerriko gorri bat. Gazteak ez zuen jantzi nahi izan gerrikoa, eta gaztainondo bati lotuta utzi zuten. Zuhaitzak berehala hartu zuen su, eta leku hartan zulo bat besterik ez zen gelditu. Orduan konturatu ziren Sugaar zela gizon misteriotsu hura.

2.- MARI: Esan beharra dago Mariren inguruan hainbat kondaira daudela. Guztiek kontatzen dute antzekoa baina ezaugarri batzuk aldatuta. Interesgarriena honako hau:

Amezketan kontatzen zutenez, ba omen ziren zazpi urte Mari Txindokiko bere haitzulotik desagertu zela. Baina zaldi bat zeruan hegan ikusi zutenean eta izugarrizko euri jasa hasi zuenean, herritarrak berehala konturatu ziren Mari bueltatu zela. Marizulo kobazuloa zuen bizileku, eta urrez estalia zuen. Dena urrezkoa omen zen barruan, altzariak ere bai. Behin batean, asteak euritan egon ondoren, atertu eta lainoak urruntzen ari zirenean, Txindokiri laino-txapela gelditu zitzaion tontorrean. Orduan ohartu ziren Marik labea piztu zuela.

Goiz batean, Kattalin izeneko neska gazte amezketar bat joan zen mendira artaldearekin, eta, egun guztian ardiak larrean eduki ondoren, artaldea biltzen hasi zen. Kontatu zituenean, bat falta zitzaiola konturatu zen. Artaldearen jabeak egingo zionaren beldur, mendian gora abiatu zen falta zitzaion ardiaren bila. Batek baino gehiagok esana zion Mari Txindokin zenean ez gerturatzeko inguru haietara, baina ardi galdua topatu beharra zeukan. Aurrerago joan zenean, hara non, ardia haitzulo baten sarreran aurkitu zuen, eta bere ondoan andre eder eta galai bat ikusi zuen, sekula ikusi ez zuen bezalako dama. Mari zen. Marik nor zen eta zein familiatakoa zen galdetu zion neskatxari. Honek, Kattalin zela bere izena esan zion, eta ez zuela familiarik, ardi haiek herriko jaun batenak zirela. Orduan, Marik berarekin bizitzen gelditzeko proposamena egin zion, eta zazpi urte berari laguntzen egoten bazen aberatsa egingo zuela agindu zion.

Horrela, bada, Kattalin Marizuloko damari laguntzen gelditu zen, eta zazpi urte haietan asko ikasi zuen neskatxak: haria egiten, ogia egiten, landareen ezaugarri magikoak ezagutzen, abereen hizkera ulertzen, eta beste hainbat zereginetan. Baina, di-da batean pasa ziren urteak, eta, garaia iritsi zenean, honela esan zion Marik:

—Kattalin, ondo bete duzu zure hitza, zintzo lagundu didazu, eta esanekoa izan zara. Nik joan egin behar dut, eta aberatsa egingo zintudala agindu nizunez, tori!

Marik ikatz puska handi bat eman zion. Harrituta gelditu zen neska gaztea, baina ez zen ausartu ezer esaten. Haitzulotik atera zenean, urre distiratsu bihurtu zen ikatza. Neska pozaren pozez jaitsi zen herrira; etxea eta artaldea erosi zituen, eta inoren aginduetara egon beharrik gabe bizi izan zen zoriontsu gure Kattalin.

Murumendiko dama Beasain udalerriko baserri batekoa omen zen. Hamar seme izan omen zituen. Ez zen oso elizkoia ez eta haren inguruko gaien zalea ere. Beti gaixo zegoelako aitzakiarekin behin ere ez zen mezatara joaten.
Bere azken haurra izan ondoren, senarrak jada gehiago elizara ez joatea ez ziola gehiago onartuko berretsi zion. Honela bada, bere gurdira igoarazi eta indarrean mugiarazi zuen.
Baina, justu elizako sarrera zapaldu behar zuen unean, su eta garren artean denen bistatik desagertu zen.
Ordudanik noizbehinka mendi batetik bestera igarotzen ari dela ikus daiteke. Bere bizileku nagusia Murumendi mendia delarik.

Behin batean Aralar mendilerroko artzain bati aharia harrapatu omen zion Anbotoko Andreak. Artzainak galdetu omen zion Andre sorginari ea non zen aharia.

-“Nire sukaldean”, erantzun omen zion Anbotoko sorginak.
-“Emango al zenidake, arren?”
-“Bai, baldin bahator.

Artzainak fraide batekin hitz egin zuen aholkua eskatuz, eta horrek esan omen zion Anbotoko Andrearen leizera aurreraka sartu eta atzeraka irteteko. Hala joan omen zen, eta ahari hori buruko omen zeukan sorginak. Adarretatik heldu eta atera omen zuen atzeraka aharia. Orduan Andreak esan zion:
-“Eskerrak eman iezaizkiok hi etorri bezala atera izanari, bestela hemen gelditu beharko huen”.


3.- AKERBELTZ:  

Elezaharrek diotenez, Akerbeltzekin biltzen ziren sorginak eta haztiak eta batzar haietan Akerbeltz edo Aker adoratzen zuten kristau-mezaren parodia eginez. Bertan, ogia, arrautzak eta dirua eskaintzen zioten. Jeinuak bere jarraitzaileei predikuak igorri ondoren, giza haragia jaten omen zuten mahai baten inguruan. Jan-edanaren ondoren, txistuaren doinua lagun, Akerbeltzek dantzan jarduten zuen sorginekin. Eta gehiegizko edanaren ostean, partaide guztien artean sexu harremanak edukita amaitzen zuten akelarrea, orgia batean. Akelarrea amaitzean, sorgin eta azti guztiak Akerren esanak betetzera joaten ziren beren bizitokietara

4.- SORGINAK

Elezahar batek dio emakume bat gauero gelditzen omen zela haritzen etxeko sukaldean, eta, egunero, katu beltz bat agertzen zitzaiola leihotik. Gau batean, emaztearen ordez, senarra gelditu zen andre mozorrotuta, eta, katua etortzean, honela esan zion: gizonezkoa haritzen? Eta gizonak erantzun: katua eta hitz egiten? Orduan senarrak makilaz kolpatu omen zuen. Hurrengo egunean, auzokide bat besoa apurtuta azaldu zen, eta orduan konturatu ziren herrikoak emakume hura sorgina zela
5.- JENTILAK

Behin batean, Jentilek, Aralarko muino batean jolasean ari zirela, laino argitsu bat ikusi omen zuten hurbiltzen ekialdetik. Izututa, jakintsu nagusi batengana jo omen zuten. Jakintsuak, laino distiratsua ikusi zuenean, honela esan zuen: “Kixmi jaio da, gure askaziak berea egin du, bota nazazue amildegitik behera”. Jentilek jaurti zuten agurea, eta, lainoa atzetik zutela, korrika abiatu ziren mendebalderantz. Arraztarango aranera iritsi zirenean, harri zabal handi baten azpian sartu omen ziren ezkutatzeko asmotan. Geroztik, harlauza handi horri Jentillarri deitzen zaio, eta herri sinesmenak dio azken Jentilak bertan hilobiratuak daudela. Jentillarri hori, benetan, historiaurreko monumentu bat da, trikuharri bat da, hain zuzen ere. Ondoko irudian agertzen zaigun trikuarria da Aralarko Jentilarria.

Jentilak Leizadiko koban batean bizi zirela, sekulako izar eder bat hodei artean agertu omen zen. Halako izarra ikustean, jentil hauek, erabat ikaratuta, munduan zer gertatu behar ote zen ezin asmaturik omen zebiltzan.

Halako batean, koba barnean erdi itsututa zegoen jentil zahar bat ataka aurrera atera zuten, eta pala edo endai baten laguntzaz begiak ireki omen zizkioten, hark izar hura zer zen antzemango ziolakoan. Baita ikusi orduko deiadar egin ere, “Ah, ene umeak: Kixmi jaio da, galduak gara oraintxe! Bota nazazue amildegian behera!” Eta hala hil omen zen jentil zaharra.

Gero, kristautasuna munduan zabaltzen hasi zenean, jentil denak sakabanatu eta berehala galdu omen ziren.




Egino herriko gizaseme bat mendira joan zen beste askotan bezala, baina zoritxarrez Jentilak topatu zituen eta bereraien bizilekua zen Jentilkobara eraman zuten. Bertan, Jentil amon bat zegoen eta gizona ikustean esan zuen: - Gibeltxo freskoak nahi ditut! Gibeltxo freskoak nahi ditut! Eginoko gizona egoera larriaz ohartuta, ihaes egiteko asmoz, tripak nahastuta zeuzkala eta beharrak egitera kanpora ateratzen uzteko eskatu zien. Jentilak gizonaren asmoak antzeman zituztenez, soka batekin hanka lotu zioten eta harkaitz baten atzera joateko esan zionten. Denbora gehiegi zeramala eta, zertan ari zen galdetu zioten, eta gizonak ez zuela amitu erantzun zuen. Ondoren soka adar bati lotu zion, eta jentilek sokari ten egitean bertan jarraitzen zuela pentsatu zuten. Gizonak mendian gora ihaes egin zuen, baina Jentilak konturatu zirenean, erabat oldarturik, txakur piztiak lagun zituztela gizonaren atzetik abiatu ziren. Baina, maldan gora zihoazela, une batean txakurrak eremu baten inguruan biraka hasi ziren, eta aztarna galdua izango zutela pentsatu zuten. Gizona alde eginda, urrun izango zela pentsatu zuten, eta haitzulora itzuli ziren. Eginoko gizasemea ordea, haritz batera igota zegoen, eta horrelaxe jentilen atzaparretatik ihes egitea lortu zuen.Zaldibiako Ausa gaztelun Jentilak bizi ziren. Bat Nafarroara joan zen gari bila eta zazpi idinarru bizkarrean zituela zetorren. Iristen ari zela, Ausa azpian dagoen iturrian alaba aurkitu zuen, eta honek atsedena hartzeko eta iturriko ur frexkoa edateko esan zion. jentilak honela erantzun zion:

- Alaba, jakin izan banu behin bazen ere, zama utzi nezakela eta atsedena hartu nezakela, ez nuen zalantza izpirik izango beste zazpi idinarru ekartzeko.

( Elezahar berdintsuak kontatzen dira Arrola (Zerain), Añel (Azkoitia) eta Artzabal (Plaentzi))


6.- BASAJAUN
Elezaharrak dioenez, behin batean, San Martiniko izeneko gizon ausart batek zerra egiteko moduaren sekretua atera omen zion. San Martinikok ba omen zuen Basajaunak sortu zuen zerraren berri, baina berak ez zekien nola ekoiztu. Jakin-minak bultzatuta, trikimailu bat bururatu zitzaion. Horrela, bidali zuen morroia herrira, eta hark bere nagusiak zerra egitea lortu zuela zabaldu zuen herritarren artean. Basajaunaren belarrietara ere iritsi zen berria, eta morroiari horrela galdetu omen zion: ‘Hire nagusiak gaztainondo hostoa ikusi dik, ala?’ Orduan, morroiak honela erantzun omen zion: ‘Ez du ikusi baina ikusiko du!’. Morroiak berehala kontatu zion San Martinikori sekretua, eta hark, ezeri itxaron gabe, zerra egin zuen. Basajauna, gauez, San Martinikoren etxera joan zen berria ziurtatzera. Zerra egina zegoela ikustean, amorruaren amorruz, zerraren hortzak, banaka-banaka, bata eskuinera eta bestea ezkerrera okertu omen zituen, zerratzeko gauza ez zela uzteko asmotan. Baina, hara non, kaltetzeko asmoan egindako ekintza gaizto hark onura ekarri zion San Martinikori, hortzak modu horretan jarrita, askoz hobeto zerratzen baitzuen zerrak.

7.- TARTALO

Elezaharrak dioenez, joan ziren bi anaia mendira ehizan egitera, eta izugarrizko ekaitza etorri omen zitzaien gainera. Babesteko asmotan, inguru haietan zegoen etxola handi batean gorde ziren. Berehala, atzetik artalde bat sartu zen, eta, haiekin artzaina, begi bakarreko gizon handi bat. Sartu ahala, harri handi batekin itxi zuen sarrera, eta berehalaxe konturatu zen bi anaiak barruan zeudela. Orduan, Tartalok esan zien anaietan nagusiena jango zuela afaltzeko, eta gaztea hurrengo egunerako utziko zuela. Horrela, bada, sartu zion burruntzia anaia zaharrenari, erre zuen sutan, eta jan egin zuen. Betekadaren ondoren, lurrean etzanda, zerraldo gelditu omen zen lotan. Hura ikusirik, Antimuñok, anaia gazteak, burruntzia sutan goritu eta begi bakarrean sartu zion. Tartalo marruka altxatu zen, eta, burruntzia begian iltzatua zuela, gaztearen bila hasi zen, baina itsu zegoen eta ardi tartean ezin izan zuen aurkitu anaia gaztea. Goizean, ateko harritzarra kendu, eta irteeran kokatu zen hanka zabalik. Ardiei banan-banan haien izenez deitu, eta hanka tartetik ardiak kanporatzen hasi zen, anaia gaztea harrapatzeko asmotan. Gazteak, ardi larru bat bizkarrean zuela, lau hankatan, beste ardiekin batera, kanpora ihes egin zuen artzainaren hanka tartetik. Tartalok igarri egin zuen, eta, gaztearen hanka hotsa jarraituz, haren atzetik abiatu zen lasterka. Gazteak, osin batera jauzi egin, eta alde egin zion igerian. Tartalok igerian jakin ez, eta putzu sakonean ito omen zen.

8.- GALTXAGORRI
Bizkaiko Kortezubi herrian kontatzen denez, gizon batek Galtxagorri batzuk erosi omen zituen behar batzuk egiteko. Orratzontzia ireki eta lan bat agindu zien, eta haiek berehala egin zuten. Gero beste lan bat egiteko esan zien, eta baita egin ere hauek. Hirugarren eskakizuna bete ondoren, Galtxagorriak zer egin behar zuten galdetu zioten nagusiari. Nagusiak, orduan, gizontxo txikiekin nazkatuta, galbahe batean ura ekartzeko agindu zien. Lan hau ezin izan zutenez burutu, erretiratu egin omen ziren.

No hay comentarios:

Publicar un comentario